XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I. EUSKO IKASKUNTZAREN SORBURUA (EI-SEV)

Penintsulako lau probintzi euskaldunen arteko harreman instituzional eta kulturalak sendotzeko ideia iragan mendearen erdialdera sortu zen.

Burutapen hau Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako biztanleek elkarren artean zuten kidetasun sozio-kultural ukaezin batean oinarritzen zen.

Horretarako, 1860. hamarkadan erresuma zaharreko Aldundiak Unibertsitate Nafar-Euskaldun bat sortzeko proiektua diseinatu zuen aurrerabiderik ez bazuen izan ere.

1876ko foru krisialdiaren ostean ordea, bertako jakintsu talde zabal bat probintzietako mugak gainditzen zituzten planteamenduak garatzen hasi zen, kultura arloan hain adierazgarri bezain ezagun bilakatu Euskal-Erria edo Revista de las Provincias Euskaras bezalako argitalpenetan gauzatu zituztelarik.

Mende honen hasieran, kultura tradizionala bere zentzurik literalenean aldarrikatzen zuen sentimendu erromantiko kementsu bat errotu zen, hau da, Kataluinian garatzen ari zenaren oso antzekoa.

Helburu kultural honek eraman zuen euskal gizartearen parte haundi bat politika alorrean Foruak berreskuratzearen alde mugitzera.

I. Mundu Gerran Inperio zentralak galtzaile atera ondoren, nazionalitateen printzipioaz herri irlandarraren eredua eta mapa europarraren egituraketa berria izan ziren aldarrikapen hauei laguntza soziala hedatzen eta indartzen lagundu zietenak.

Euskaldunak eta kataluniarrak 1917an autonomia eskaera bateratua egin zutenean, lortu zuen mugimendu honek bere unerik garaiena.

Gorakada kultural eta politiko honen giroan deitu zen Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresua 1918ko irailean.

Euskal kultural maila akademiko errespetagarri bat izateko Euskal Unibertsitate baten beharraz jabeturik zeuden ohore haundiko gizon-emakumeen talde batetik sortu zen ekimena.

Horrela sortu zen Eusko Ikaskuntza.

Asmo honen eragileek uste zuten autonomia kultural eta politikoa aldarrikatzeko Euskal Herriaren nortasuna indartzea izango zela argudiorik onena.

Horregatik ezinbesteko jotzen zuten kultura modernoaren paradigmak zabaltzea eusko ikaskuntzen sustapenean interesaturik zeuden guztien artean.

Horretarako, plataforma kultural suprapartidista batek izan behar zuen instrumentu, baina hau ez apolitikoa, erlijio katolikoari begirunea izango zion baina ez zen konfesionala izanen, eta erreformista gai sozialen tratamentuan.

Guzti honetaz gain, euskaldun guztientzat irekia izatea nahi zutenez gero, euskara, gaztelera eta frantsesa hartu zituzten hizkuntz ofizial bezala.

Gainera, Pierre Broussain bigarren Lehendakariorde izendatzearekin Iparraldea Eusko Ikaskuntzaren barruan ordezkatua egotea nahi zutela argiro adierazi zuten.

Alderdi askotan garaiari aurreratuz, I. Kongresua zazpi Lansailetan banatua izan zen: Politika eta Giza Zientziak, Hizkuntza, Historia, Artea, Hezkuntza, Eusko Ikaskuntza eta Arraza (Antropologia, Historiaurrea eta Etnografia ikaskuntzak adierazteko garai hartan erabiltzen zen izen arrunta).

Ondorengo ikerkuntzak zertan oinarritu jakiteko antolatzaileek eusko ikaskuntzen egoera, sail konkretu horietako bakoitzean zein zen ezagutu nahi zuten (...).